Maiatzaren lehen asteburuan, ohitura bilakatzen ari den moduan, Euskal Gaztaren azoka antolatu dute Idiazabalen. Bosgarren urtea du jaialdiak eta bertan gaztaren inguruan mugitzen diren jarduera guztiak ikusteko aukera egon zen: ardiak jezten , ilea mozten... ardi esnearekin egin ohi diren jakien inguruko lehiaketak ere izan ziren, esaterako, mamiena. Artilearen lanketaz gozatzeko aukera ere izan zen.
Gazta lehiaketa
Hamaika erakustaldi eta hitzaldiren ondoren, omenaldiaren eta gazta lehiaketaren sari banaketaren txanda iritsi zen: 1997. urtean ateak ireki zituen Gomiztegiko Artzain Eskola omendu zuten. Gazta lehiaketa herrikoian, berriz, Aranburu gaztandegiak eskuratu zuen lehen postua; atzetik Baztarrika gaztandegiak segi zion eta hirugarren Bostibaieta Iruri gaztandegia gelditu zen.