Desde 1976 defendiendo los valores de la agricultura y la ganadería
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Ganadería
Noticias EHNE
ACTUALIDAD Ganadería

Datozen hilabeteetan gerta daitekeenari aurre hartu behar zaio

Abenduaren 7an egindako bileran Gipuzkoako Foru Aldundiak behiei eragiten dien Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoaren (GHE) harira eman dituen diru laguntzei buruzko azalpena eman zuen eragileokin egindako bileran. Irailaren hasieratik azaroaren 27ra bitartean GHErekin gaixotutako buruak izan dituzten baserriak 851 izan dira, baina diru laguntzaren eskaera izapidetu dutenak, berriz, 562 baserri. Aipatu diru laguntza eskaera asetzeko 1.154.650 euro behar direla aurreikusi dute Aldundikoek eta bileran esan zuten ez zutela prorrateorik aplikatuko eta %100ean ordaintzeko asmoa adierazi zuten. Bestetik, heriotza tasa ohiko mailara bueltatzen ari dela gaineratu zuten Aldunditik.

Hanka motz
Behin diru laguntzen eskaera ikusita, izapidetutako laguntzak ikusita, eta Aldundiak emandako intzidentzien kasuekin konparatuta, Gipuzkoako EHNEtik aurreneko unetik esan zitzaiena baieztatzera datoz datuak. Egoeraren gordintasuna hasieratik azaltzen saiatu gara eta esan genuen planteatzen ari ziren neurriak egoeraren larritasunaren mailakoak ez zirela. Gogoan hartu behar da proposamen bat eraman genuela EHNEtik bai animaliak indemnizatzeko taula batekin eta neurtzen zailagoak izan daitezkeen kalteak jasotzen zituen proposamen batekin ere. Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak negoziatzeko prest ez zegoen planteamentu itxi bat ekarri zuen, 400.000 euroko aurrekontua zuena eta 10 behitik beherako ukuiluak kanpoan uzten zituena.

Eskabideak asetzeko behar den aurrekontua jartzea begi onez ikusten dugun arren, ez zaigu onargarria iruditzen prozesuan parte hartzen aritu garen eragileekiko Aldundiak izan duen jarrera. Badirudi, eragileen azalpenek baliorik ez zutela egoera zein zen jasotzerako orduan eta ezer ez adosteko jarrera izan da ardatza Foru Aldundiaren aldetik, denborak arrazoi eman baldin badigu ere. Hein berean, adierazi behar da bileraero komentario iraingarriak entzuten aritu behar izan garela, esate baterako, baserritarrok diru laguntzak eskatzerako orduan iruzurra egingo dugula.

Hala ere ez dugu uste hau hemen bukatu denik, ukuiluetako kalteek hor segitzen dute: ume botatzeak, ernai gelditzen ez diren behiak, esnerik ematen ez dutenak, hiltegira joan diren animalia pila bat… Horri erantsi behar zaio etorriko den kalte ekonomikoa eta ziurgabetasuna. Datorren urteari begira, GHEk sortu dituen eta sortuko dituen arazoei erantzungo dien eta neurrira doazen dotazio ekonomikoak izango dituen plan bat, eragileokin batera, diseinatzeko deialdia egiten diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta beharrezkoa bada Eusko Jaurlaritzari ere, berandu baino lehen.