1976tik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren balioak defendatzen
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra

Eguraldi onak eta oporrek naturaz gozatzera daramatza egunero hormigoizko eremu batean bizi diren pertsonak. Ulergarria da eta ziurrenik askorentzako beharrezkoa. Baina gogorarazi behar dugu, mendia ez dela aisialdirako eremu hutsa. Badagoela zelai berde eta erakargarri horien atzean kudeaketa bat, bertatik bizi den familia bat eta abereen ongizatea bermatzen duen bazka.

Azken egunetan baserritarron zelai, belardi eta soroetan herritarren bisita izaten ari gara. Udaberria hastearekin batera belarra ere hazten ari da eta gure abereak elikatzeko erabiltzen dugu. Batzuetan larretzera ateratzen ditugulako, eta besteetan, belar hori ebaki egiten dugu ukuiluan bertan jaten eman ahal izateko edo negurako prestatzeko. Ebaki beharreko zelai horietan belarra zapaltzeak eta zikintzeak abereen elikaduran kalteak eragiten dizkigu.

Aziendaren elikadura abereen ongizaterako oinarrizko arloa da. Ez hori bakarrik, baserritarrok ekoizten ditugun produktuak egiteko belar hori galtzen bada arazoak sortzen zaizkigu: elikagaiak kanpotik ekarri beharra, gastua handitu beharra eta ondorioz sortzen dugun produktu horren salneurria igo beharra edo kasurik txarrenentan egiteari utzi beharra, gure familien sostengua galduz.

Belardietara sartzeko, sarri, langak daude edo itxiturak. Abereeak bertan babestuta egon daitezen izaten dute hori, edo bestela jabetza bera identifikatzeko. Itxitura horiek ere errespetatzeko eskatu nahi diegu naturaz gozatzeko nahia duten herritarrei. Izan ere, eremu horiek ez errespetatzea, inoren etxeko atea ez errespetatzea bezalakoa delako.

Mendira zoaztenean, beraz, gogoratu langak topatu bezala uzteaz, eta belardi berde eta gozo horiek bertan daudela baten batek kudeatzen dituelako dela, abereen elikagaiak direla eta urteko egun guztietan, eguraldi ona edo txarra egin, oporrak izan edo ez, bertan bizi garen herritarrak ere bagaudela.

Beraz, mesedez, orekari eusten lagun iezaguzue, naturaz gozatu nahi dutenek hala egin dezaten eta bertan bizi garenok hala egiten jarrai dezagun.