Larunbata, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP eta CETA akordioen aurka egingo diren manifestazioen deialdiarekin bat egin du EHNE sindikatuak. Hala Euskal Herriko eskubide sozialen kartak zein herrialde bakoitzeko plataformek egindako deialdiarekin bat egin du sindikatuak. EHNEk bere kideei zein gizarteari larunbat goizean zein arratsaldean burutuko diren ekintzetan parte hartzeko deia zabaldu die.
Berriki sinatu den CETA akordioak zein Europako Batasuna eta Amerikar Estatu Batuak adosten ari diren TTIP nazioarteko merkataritza itunek kalte larriak eragingo dituzte gizarteko zenbait arloetan. Nekazaritza eta abeltzaintzari dagokionean itunek elikagaien segurtasunean erabateko galerak eragingo ditu, hala, transgenikoek, kloratutako haragiek, berme sanitariorik gabeko elikagaiek, zein ingurumena kaltetzen duten zenbait ekintzek ateak parez pare zabalik izango dituzte.
Guzti honen aurrean, EHNEk berriz ere dei egiten die baserritarrei manifestazioetan parte hartu dezaten.