Urte osoan kontsumo arduratsuaren aldeko aldarria eginez jardun da EHNE eta datozen egunotan ere hala jarraitzeko deia egin du sindikatuak. Egunez egun bertako produktuen alde egitea beharrezkoa da lehen sektoreari eta bertako ekonomiari bultzada bat ematerako orduan. Bertakoaren alde eginez guztiek lortzen dituzte onurak.
Erosketa bat egitea ez da saskian produktu bat sartzea bakarrik, erosketa bat egiterakoan eredu baten ala bestearen aldeko hautua egiten ari da herritarra. Zer, nola, non eta zein eredu bultzatuz ekoiztu da? Nondik eta nola heldu da mahai gainean dagoen jakia? Erosketa honekin zer bultzatzen da? Inguruko ekonomia hobetzen da? Ingurumena babesten da? Zer lan baldintza izan dituzte ekoizle horiek? Erosketa ardura-tsu bat egiteko bidean, galdera horiek izan daitezke norberak bere buruari eginbeharrekoak.
Galderak egin eta erantzunaren inguruan zalantza egiten badugu, erraza da konponbidea: joan bertara eta ikusi baserritarrak nola egiten duen lan. Bere begiekin konfirma dezake bakoitzak inoren hitzek esaten dutena sinesteko fede ariketarik egin gabe. Azken finean, hitzak hitz baitira.
Kalitatearen eta osasunaren alde egiten dute baserritarrek, ez fede kontuagatik, edo promoziorako baliagarria zaielako, herri hau maite dutelako eta elikadura burujabetzaren bidean benetako konpromisoa dutelako baizik.