Ordizian, irailak 11an La Leze gaztandegia izan da garaile
Legazpin iraileko lehen igandea beti da berezi, izan ere, Gipuzkoako Artzain eguna ospatzen da bertan. Gipuzkoa osoko artzainak batzen dira bertan eta egun osoko egitaraua izaten dute: haien lanari aitortza egin, artzaintzari ekarpen berezia egin dieten artzainak omendu, ardi lehiaketa, gazta eta ile moztaileak, bazkaria eta arratsaldean Artzain txakur lehiaketa.
Txapelketako sailkapenarekin hasi aurretik omenaldiak eta bestelako sariak eman zituzten. Omenduen artean Juan Yaben, Juan Jose Ezkurra eta Joaquín Ezkurra izan ziren, hirurak Ameriketara artzain joan ziren eta haien ibilbidea ezagutu ondoren, sarituak izan ziren. Beste omenduetako bat Milagros Oiartzabal Leunda izan zen uda Urbiako gainetan igarotzen duen artzaina.Udalak herriko bi artzaini aitortza egin nahi izan zien baita ere: Makatza baserriko Agurtzane Gabiria eta Aitor Mantxolari,gur asoen lanari jarraipena emateagatik.
Honekin, 40.Artzai Gazta txapelketako sari banaketari ekin zioten eta Olaberriako gaztandegiak eskuratu zuen lehen postua. Bigarren postua Legazpiko Makatza gaztandegiak eta hirugarrena Baztarrika gaztandegia izan zen. Gaztandegi honek bigarren postuko Makatzarekin berdinduz saria jaso zuten dastaketa herrikoian. Gaztetxoen epai mahiak gazta onena Baztarrika gaztandegikoa izan zela epaitu zuen. Arratsaldeko 55. Artzai Txakur txapelketan, berriz, Mutrikuko Jabier Zubiaurre izan garaile “Mendi” txakurrarekin batera.
Legazpikoaren ondotik, Ordiziako Euskal Jaiak izaten dira gaztagileen hitzordu nagusia. Bertan Ilarduiako La Lezeko gazta izan zen epaimahaiaren iritziz txapela merezi izan zuena aurkeztu ziren 47en artean. 2022an ere irabazia zuten txapelketa La Lezeko gaztandegiak. Enkantean, berriz, Usurbilgo Azkue Gourmetek lortu zuen 5.000 eurogatik irabazlearen gazta erdia.