Apirilaren 20an, Ordiziako Artzain Eguna ospatuko zuten eta artaldeekin herriko kaleak zeharkatzeaz gain, Idiazabal gazta berriaren mozketa eta aurkezpena egin zuten.
Gipuzkoako EHNEk eta Enbak prentsa oharra kaleratu genuen Aralarko artzainen egoera salatuz eta artzainentzako, urte osoan zehar, babesa eskatuz.
“EHNE eta Enba sindikatuetatik horrelako ekintzak eta jaiak babesten ditugu lehen sektorearen irudia hobetzeko eta gure jarduera ekonomikoa sustatzeko baliagarriak direlako, baina jaiaz haratago, argi diogu artzainek urte osoan zehar behar dutela babesa.
Urte osoan babestearekin batera, Ordizian irudikatzen den transhumantzea egiten duen mendiko artzaintzaren duintasuna aldarrikatu nahi dugu, bereziki Aralarko artzain eta abeltzainen duintasuna eta azpiegiturak lehen lerroan jarriz eta bide batez, azkenaldi honetan, Aralarko mendiak Enirio-Aralar Mankomunitatearengandik jaso duen utzikeria eta axolagabekeria plazaratu nahi dugu, mendian bizi eta diharduten artzainentzat txaboletarako inbertsioak, xehaketak eta bide azpiegiturak ezinbestekoak baitira.
Ardi esnearen prezioaz
Bestalde, mahai gainean jarri behar dugu Idiazabal gazta egiteko esnea ekoizten duten artzainen egoera, beren ekoizpen kostuak %10-12 igo diren bitartean, jasotzen duten ordainak ez du gora egin.
Bere artaldeko esnearekin gazta egiten duten artzainek, ekoizpen kostuaren arabera, igo dute beren gazten prezioa, baina gaztandegi industrialetara saltzen duten artzainak egoera kaxkarrean aurkitzen dira, ekoizpen kostuek gora egin arren, gaztandegiek ordaindutakoak izoztuta jarraitzen baitu edota %2a soilik igo baitiete”.