Gipuzkoako EHNEtik administrazio desberdinei dei egin diegu egoerari buelta emango diote neurriak diseinatzeko
- “Para hacer frente a esta cruda situación vamos a necesitar la aportación de todos”
Azken denboraldi honetan euririk ez egin izanak lurra lehortu du. Tenperatura altuek eta eguzkiak baratzetako fruta eta barazki asko erretzen dizkigu. Abeltzaintzan bazka gutxitu da. Iaz baino %30-50 bazka gutxiago egin dugu gure abereentzat. Mendiko larreetatik abereak baserrietara jaitsi ditugu askok eta askok eta negurako prestatutako elikadura xahutzen hasi gara. Horri guztiari baserri askotako ur hornidura ia agortzear dela gehitu behar zaio.
Egoera larrian gaude baserritar asko, izan ere, ur eskasiari baserrian erabiltzen ditugun lehengai ugariren prezioen igoera gehitu behar zaie: forrajeena eta pentsuena, besteak beste. Negu oso zaila izango dugu. Aurrez galdutako uzten eta xahututako elikagaien ondorioak sufritzen hasiko baikara. Azken bi urtetan pairatzen ari garen prezio horien igoera guztiari, bazka ezari, daukagun apurra xahutzen ari garela gehituta, gizarteari esan beharrean gaude, guztiz hondoratuko gaituen ekaitz perfektua bizitzen ari garela.
Egoera larri honen aurrean, administrazio desberdinei dei egin nahi diegu egoera honi aurre egiteko elkarlana bideratu dezagun. Udal, Foru Aldundi eta askotariko mankomunitateek osatuta, egoera arintzeko neurriak diseinatzeko, mahai bat sortzea proposatzen dugu. Egoera gordin honi aurre egiteko denon ekarpena beharko baitugu.