Klase politikoaren inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoa da
- Con la implicación de la clase política se necesita diseñar un Plan Estratégico Forestal de Euskal Herria
Basogintzan Euskal Herri Mailako Plan Estrategikoa diseinatu beharra nabarmendu dute Gipuzkoako Baso Sailako ordezkariek. Klima larrialdi bete betean, basoek berebiziko garrantzia dutela ez du inork zalantzan jartzen: aire garbia sortzeko, lurraren higadurari eusteko, itzala emateko... eta nola ez, erregai fosilen aurrean ezinbestekoa bilakatu zaigun alternatiba da. “Datozen hogei urtetan Gipuzkoako paisaia erabat aldatuko da. Orain banda marroiaren gaitzak jota dauden insignis pinuak desagertuko dira, hau da, ez da insignis gehiago egongo eta haren ordezkoak egongo dira, bai hostozabalak, zein hostotsuak. Baina hori guztia lekuak eta orografiak baldintza egokiak eskaintzen dituen eremutan egin beharko da, eta horretarako, ikuspegi zabal batekin, Euskal Herriko Plan Estrategiko bat behar dela adierazi nahi dugu”.
Energiaren erabilera moldatu beharra dago eta herrien autosufizientzia inoiz baino garrantzitsuagoa da. Energia berriztagarria eskaintzen du egurrak, eta esaterako, biomasa gisa erabil daiteke. Gure lurraldeak basoen kudeaketa orokorra egiteko baldintza ezin hobeak eskaintzen ditu: “Suitzak duen paisaiaren itxura hartu beharko luke Gipuzkoak. Berez datorren basoak ez baititu asetuko herri gisa ditugun erronkak eta beharrak, eta ezin da metro koadro bat bera ere abandonatuta utzi. Ezin da lurrik utzi sasiak eta oteak hartuta. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da lehen aipatutako Euskal Herri Mailako Plan Estrategikoa. Oreka behar beharrezkoa izango dugu herri gisa etorkizunik izan nahi badugu”.
Konpromiso eta inplikazioa. Euskal Herriaren antolakuntzan parte hartzen duten askotariko erakundeei baso sektorearekiko konpromisoa eta inplikazioa eskatu diete Baso Saileko ordezkariek. “Herri honek datozen belaunaldiei oreka eskaini nahi badie, klase politikoaren inplikazioa beharrezkoa izango da. Administrazio ezberdinek basoa herri honentzako estrategikoa dela onartu behar dute eta sektorearekiko konpromisoa agertu”, gaineratu dute.
Euskal Herriko Plan Estragikoa diseinatzeak onurak besterik ez dizkio ekarriko jendarteari eta nola ez sektoreari. Alde batetik, basoak kudeatzen dituzten baso jabe zein baserritarrei lan horretan segi dezaten etekinak lortzeko bidea zabalduko litzaieke. Bestetik, Euskal Herriari horren beharrezkoa bilakatu zaion energia iturria kudeatuko luke inongo kanpoko herrialderekin izan ditzakeen menpekotasunetatik aparte.
Udalei dei berezia. Azkenaldian herri ezberdinetan Hirigintza Planak zehazterako orduan, udal askok, ikuspegi urbanoa eskaintzen diote basoen eta mendiaren kudeaketari. Paisaiak zein bideak ezin dira soilik aisialdirako edo gozamerako eremu gisa aitortu, bertan bizi eta lan egiten dutenak albo batera utziz. Orain arte paisaia horiek horrelakoak izan dira baserritarrek kudeatu dituztelako.
Herriarentzat doan izan den lanketa egin dute, beren bizimodua aurrera aterata. Ikuspegi orokorragoa erabil dezaten dei egiten diete Gipuzkoako EHNEko baso sailetik udalei eta baserritarrek egindako lana aitortzeaz gain, elkarlana bultzatu dezaten eta herri gisa garatzeko basoak duen potentziala ez dezaten oztopa eskatzen diete.
Hurrengo Ardatzan Baso Sailetik Basogintzako Euskal Herri Mailako Plan Estrategikoa osatzeko eta diseinua egiteko pausoak zeintzuk diren azaltzeaz gain, hura egikaritzeko eta koordinatzeko proposamena aurkeztuko dute.