Esnetarako behien sektorean aritzen direnen egunerokoa ikasteko eskola izango dela diote
Lakuak, HAZIk eta Gomiztegi kooperatibak ekainaren 6an Behizain Eskola aurkeztu zuten. Behizain Eskola da, ohar batean azaldu zutenez, "kalitatezko prestakuntzaren bidez esnetarako behien azpisektorea biziberritzeko bere ibilbidea hasten duen zentroa". Artzain Eskolaren esperientzia du oinarri, duela 25 urtetik urtero ikastaro bat ematen baitu ardien sektorean profesionalki aritu nahi duten gazteak trebatzeko, eta zentro berriak "eredu pedagogikoa behien behar espezifikoetara" egokituko du. Areantzako (Aretxabaleta) Etxebarri baserrian Behizain Eskolaren prestakuntza ekintzak burutuko dira. Julen eta Agustin Abasolo anaiek urte askotako esperientzia dute sektoreko profesional gisa eta haiek kudeatuko dute ikastaroa. 260 abelburu, 80 hektarea lursail, larre mekanizagarriak (siloak lortzeko) eta artzaintzarako larre soilak dituzte. Esparru horretan arituko eta lan egingo dute ikastaroan sartuko diren pertsonek, baserrien eta esnetarako behien sektorean aritzen diren enpresen eguneroko errealitatera hurbilduz.