1976tik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren balioak defendatzen
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Abeltzaintza
Berriak EHNE
AZKENAK ABELTZAINTZA

Otsoak ehiza-espezie izateari utziko dio bihartik aurrera, Babes Bereziko Erregimenean dauden basaespezieen Zerrenda (LESPRE) aldatzen duen Agindua argitaratu ondoren. Hala, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka demografikorako ministroak mehatxua bete du, eta otsoa babestuko duen baina abeltzainez ahaztuko den arau bat onartu du, abeltzainen sektorearen eta autonomia-erkidego askoren babesik gabe. Horrek esan nahi du hemendik aurrera ehizarako ez den espezietzat hartzen dela, eta Espainiako Estatu osoan ezin dela ehizatu. Ondorioz, kontrolik gabe haziko da, eta horrek eraso kopurua handitzea ekarriko du eta landa eremuan abeltzaintza estentsiboaren biziraupenaren aurkako beste mehatxu bat bilakatuko da.

Erabaki horrek ez du kontuan hartu eremu horietan egunero bizi garenon iritzia, eta eraso egiten dio milaka familiaren bizimoduari. Abeltzaintza estentsiboak populazioa mantentzen du egoera ahulean dauden lekuetan, funtsezko ekarpena egiten dio biodibertsitate naturalari, gizarte-kohesioko eta kultura-identitateko elementuak eskaintzen ditu eta, jakina, kalitatezko elikagaiak ematen dizkio jendarteari.

EHNE ez dago otsoaren aurka, baina orain desagertzeko arriskuan dagoena abeltzaintza estentsiboa da. Gure ustez, otsoari erabateko hedapena ahalbidetzeko urratsa eman baino askoz lehenago, ezinbestekoa da gure artzainen lana duintzea. Beharrezkoa da elikadura-kateari buruzko legearen aplikazioa eraginkortasunez kontrolatzea, landa eremuan bizi kalitate duinerako zerbitzuak ematea, eta ezinbestekoa da administrazioek sektoreari laguntzea, gaur egun ez dagoen egonkortasunaz eta lasaitasunaz gozatu ahal izan dezagun. Horrek, ziurrenik, belaunaldien arteko erreleboa ziurtatuko du, eta behin hori lortuta, egoera duin eta egonkor batetik abiatuta, hitz egingo dugu bizikidetza posible den ala ez eta horretarako zer baliabide jarri behar diren. Baina inola ere ez lehenago.

EHNEk arbasoen ondarea aldarrikatzen du, ez baita kasualitatea Natura 2000 Sareko habitat asko –Salba, Gorbeia, Arkamo-Gibijo-Arrastaria, Entzia, Pagoeta edo Aralar– Artzaintza estentsiboko eremuak izatea. Denboran iraun duen lan horrek babestu du gure mendietako biodibertsitatea, bertako belardi, baso eta gainerako ekosistemekin batera.

Gure sindikatuaren ustez, otsoa kontserbatzeko politika hori aplikatzean ez da kontuan hartu landa-eremuko biztanleek eta haien jarduerek betetzen duten funtzioa, hala nola biodibertsitatearen sostengua, kultura-ondarearen kontserbatzaileak eta eragile ekonomikoak direnik, ezta klima-aldaketa geldiarazteko eragile direnik ere. Aitzitik, uste dugu lortu nahi diren helburuak, lortuko diren emaitzekin ez datozela bat, izan ere, mendiak artzaintzaren, abeltzaintzaren eta artaldeen presentzia aktiborik gabe, funtsezko ezaugarriak galduko baititu ezinbestean.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ondarea gizarte osoaren ondasuna eta erantzukizuna da, eta landa eragileek modu aktiboan parte hartzen duten lan talde batetik abiatuta, haien iritziak aintzat hartuz baita haien esperientzia ere, oreka aurkitu ahal izango da nekazarien izaeraren eta natura basatiaren artean, baina artzaintzaren eta abeltzaintza estentsiboaren biziraupenari eutsi ondoren bakarrik.

 

--------

INFO COAG +

NdP_ASAJA-COAG-UPA_21092021_Publicación-lobo-LESPRE.pdf