1976tik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren balioak defendatzen
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Lizarra
Abeltzaintza
Berriak EHNE
AZKENAK ABELTZAINTZA

Okelaren sektorea kinka larrian, kostuen gorakadak eta salneurrien izozteak, jarduerak zuen errentagarritasuna ezabatu du

Azken hilabeteetan etengabe salatzen ari gara abeltzaintzan ditugun kostuen prezioaren igoera jasaten ari garela. Aurrez esnetako behien sektorean gertatzen ari dena azaldu dugu, baina larritasunean maila berean dagoen haragiaren sektorea ere mahai gainean jarri nahi dugu.Kostuen prezioa disparatzeak eta gure produktuengatik ordaintzen zaiguna erabat izoztuta egoteak eragiten du itolarria sektorean.

Kasu batzuetan kontsumitzaileak ordaintzen duena eguneratu beharrean dago, eta bide batez,bitartekarien kostuak murriztu eta marjinak estutu beharko dituzte, baserritarrari bere lana modu duinean ordaindu nahi bazaio, eta horretarako, ezinbestekoa da, okelaren kateko partaide guztiek baserritarrok bizi dugun egoeraren larritasunaz jabetzea eta egoerari irtenbideak aurkitzeko elkarlana jorratzea.

Baserritarrok jarduera honetatik errentarik lortzen ez badugu, alferrik dira behiak eta txahal pasteroak, okelaren zikloa bere osotasunean begiratu behar delako, baita irtenbideak ere. Hau da, okelaren ziklo osorako planteatu behar dira irtenbideak, izan ere, egoerak horrela jarraitzen badu, jarduera desagertuko da gure ingurumenean sortzen duen onura berekin eramanez, eta zer esanik ez, biodibertsitateari eragingo liokeen kalteaz, izan ere, bertako arrazen mantentzeak ez bailuke etorkizunik.

Bertako haragiarekin funtzionatzen duten guztiei dei egin nahi diegu, eta adierazi, dagoeneko txahal haragiaren kanal / kiloko 50 xentimoko gain kostua dugula baserritarrok. Elikadura Katearen Legeak ezartzen duenaren arabera, produktua ekoiztea kostatzen dena baino gutxiago ordaintzea ez da legala.

Datu horiek kontuan hartuta, baserritarron etorkizunarekin konprometituta daudela dioten eragile guztiei, baserritarroi, ekoizten dugun haragiaren prezioagatik ordaintzen zaiguna modu duinean ordaintzeko bidea egin dezatela exijitzen diegu, beti ere, kostuz gainetik eta etorkizuna izateko irabaziak bermatuz.

Tokiko elikadura izango da etorkizuneko jendartearen biziraupena bermatuko duen gakoa,beraz, ezin dugu baserririk ez jarduerarik desagertzen utzi.