Trion Hirigintza aholkularitzari galdetu zion Zaldibarko zabortegia egokia ote zen
Sprilur agentziak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpe dagoen agentzia) Trion hirigintza aholkularitzari Zaldibarko zabortegiaren gainean industrialde bat eraikitzeko aukera azter zezan eskatu zion. Trionen txostenean ez da ageri noiz egin zion eskaera, baina erantzuna martxoaren 29an eman zion (zabortegia 2020ko otsailaren 6an etorri zen behera). Ez eskaeran, ezta erantzunean ere ez da inon ageri oraindik ere Joaquin Beltran langilearen gorpuak bertan dirauela lurperaturik. Jaurlaritzak 2021eko maiatzaren 14an utzi zion gorpua bilatzeari.
Trionen txostenaren arabera, ingurumenaren ikuspegitik eta ikuspegi ekonomikotik ez da bideragarria bertan industrialderen bat egiterik. Perituak dio zoruaren egoera geologikoak egonkortasun arazo larriak dituela, paisaian inpaktu handia, sarbideen egoera, baita egokitze lanek zein deskontaminazio lanek ere kostu handia izango luketela. Horrez gain, Geologia y Geotecnia Larrea bulegoak ere industriagunea bertan eraikitzea ezinezkoa dela dio.