Desde 1976 defendiendo los valores de la agricultura y la ganadería
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Herria
Noticias EHNE
ACTUALIDAD Herria

Julian Unanue será el nuevo presidente de la Asociación de forestalistas de Gipuzkoa

Julian Unanue: “Egiten dugun lan on guzti hori gizarteratu, saldu egin behar da”

Uztailaren 3an burutu zen Gipuzkoako Baso Elkartearen urteroko batzarra Azpeitiko Soreasu aretoan. Sektoreko elkarterik garrantzitsuenetako bat da Gipuzkoan, ia 3000 kidez osatua, eta are gehiago, lurraldean baso azalerak duen tamaina kontuan hartzen baldin badugu.

Lau urteren ondoren, presidente eta idazkari karguak berritzeko garaia zen, bailaretako zenbait ordezkarirekin batera. Aurtengoan, bi hautagaitzaren artean aukeratu beharrean izan ziren Baso Elkarteko kideak, Julian Unanue eta Xabier Zubiaurre. Izan ere, Unanueren hautagaitzarekin batera, Ane Urkiola aurkeztu zen idazkari kargurako, eta aukera bakarra izaki, ez zen bozketa beharrik izan. Batzarrak, urtero moduan, askotariko gaien inguruko errepasoa egiteko balio izan zuen, sektoreari dagozkionak (baso landaketen egoera, gaitzak, merkatua, etab.) eta elkarteari berari dagozkionak (kontuak, instituzioekin harremanak, etab.) Eta bien bitartean, kideek botoak emateko aprobetxatu zuten. Hautagai bakoitzak aukera izan zuen aurrera begirako egitasmoaren berri emateko, hitzaldi banatan, eta batzarraren amaieran jakinarazi zuten aukeraketaren emaitza: Julian Unanue 286 botok babestu zuten eta Xabier Zubiaurre 41 botok.

Beraz, Baso Elkarteko kideen gehiengo zabal baten babesarekin ekingo dio Julian Unanueren lan taldeak bideari. Hitzaldian aipatu zuenez, bere urte luzeko esperientzia jarriko du elkartearen zerbitzura, ezagutza izugarria duen pertsona bat baita basoaz, bai elkarteaz eta baita elkarlanerako tresna beharko luketen instituzioez ere. Batzarrean zehar askotan mahai gainean jarri zen basoak, basogintzak duen egoera kezkagarria. Izurriteek eraginda batik bat, errentagarritasun faltak (oso epe luzera eginiko inbertsioak eta etekin gutxikoak), mundu mailako joerak, diskurtso erasokor sasiekologistak eta hauek sortzen duten irudi desitxuratua baso lanekiko,… Badago zer eginik.

Unanueren aburuz, eragiteko erremintak bat baino gehiago dira: hasi mendietako foru araua, inbertsio planak, baso osasun kanpainak, udaletxeetako arauak, bideen erabilpenari dagozkionak, karbono xurgapenari dagozkion “bono” deiturikoen merkatua, eta batik bat, azken urte hauetan behar handia sumatzen ari den komunikazio, edo dibulgazio beharra: “Egiten dugun lan on guzti hori gizarteratu, saldu egin behar da!”.

Gipuzkoako EHNEtik, Julian Unanueri ongi etorria eman eta Baso Elkarteari bide horretan laguntzeko prest izango gaituela adierazi nahi diogu.