Toxicowatch erakundeak 5 urteko emaitzak azaldu zituen Batzar Nagusietan
Zubieta inguruko herrietan toxikoak asko handitu dira, erraustegia martxan jarri zenetik. Hori ondorioztatu du Herbehereetako Toxicowatch fundazioak, bost urtez laginak hartzen aritu ondoren. Batzar Nagusietan egin zuten euren ikerketaren aurkezpena EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak gonbidatuta eta aukera izan zuten Hernanin eta Usurbilen ere erakunde horretako Abel Arbenkout eta Kirsten Boumanen azalpenak entzuteko, Errausketaren Aurkako Mugimenduak gonbidatuta.
Dioxina kopuruak asko handitu dira 2022 eta 2023an hartutako laginetan, 2019 urtearekin konparatuta, hau da, erraustegia erabat martxan jarri aurretik.
Hamabost toki eta baserritako oiloen arrautzak biomonitorizatu dituzte Zubietan, Lasarten, Usurbilen, Andoainen, Hernanin eta Urnietan, eta zenbait kasutan dioxina mota desberdinen gorakada oso handia izan da.
Goroldioan, pinuetan… hartu dituzte laginak eta emaitza antzekoak dira, gorakada handia sumatu dute. Goroldioaren kasuan, 2019an 0,13tik 29,38ra igo da dioxina eta furanoen kopurua konparaziorako, "226 aldiz gehiago".
Beste kutsatzaile kimiko batzuk
Ikerketa honetan dioxinak bakarrik ez, beste kutsagai kimiko batzuk aurkitu dituzte erraustegia martxan jarri zenetik, aipatu, errausgailua dagoen eremuan aurrez dagoen kutsadura kontuan hartzen dela ikerketa ahalik eta zuzenena izan dadin.
2023an metal astunen gero eta maila handiagoak aurkitu dira uretan eta sedimentuan. Ama esnea ere aztertu nahi zan da baina 2019tik ezin izan dituzte lagin gehiago hartu eta jakinarazi zuten datorren urtean ikertzen jarraituko dutela laginak lortuz. Adibidez, PAHak eta PFAS edo kutsatzaile "eterno" deiturikoen "gehiegizko balioak" ere atzeman dituzte, degradatzen ez diren konposatu arriskutsuak direla jakinarazi zuten.
Fundazioak Europako beste hainbat erraustegitan ikertzen dihardu, Madrilen, Belgikan, Herbereetan eta Txekian.
Denetan gainditzen omen da askogatik –bost edo sei aldiz gehiago– Europar Batasunak jarritako 3,3 pg edo pikogramo dioxina kopuruaren muga baliokidea. Baina berriagoa den Zubietako erraustegiaren kasuan, Hernanin 2023an egindako neurketa batean adibidez 35 pg aurkitu zituzten arrautzetan, EBren legezko muga baliokidea baina hamar aldiz gehiago.
Aurkezpenean kutsagaiek sor ditzaketen kalteak gogorarazi zituzten, hala nola minbizia, gaitz dermatologikoak... Biometagarriak direnez elikadura katean eta ingurumenean pilatzen joaten direla eta haien eragina handituz doala.
ToxicoWatcheko ikerlariek Gipuz-koako Batzar Nagusietan azaldu zuten prest daudela elkarlanean aritzeko alde guztiekin, Herbehe-reetan edo Belgikan egin duten bezala, parte hartuz gobernuak antolatutako lan-taldeetan.