Frantziak hegazti gripea kutsatzeko “arrisku maila handia” ezarri du estatu osoan
ELBko Hegaztien batzordeko ordezkariek adierazi zuten Frantziako estatuak hegazti gripeagatik kutsatzeko “arrisku maila handia” ezarri duen arren, ez dutela hegaztiak barruan edukitzeko agindurik beteko. Julen Perez, Patrick Dagorret eta Pettan Prendek prentsaurrekoa egin zuten ELBren jarrera adierazteko. Bertan zehaztu zuten beraien ustez birusaren transmisioaren zergatia zein den: “Aire zabalean eta autarkian hazkuntza egiten duten etxaldeek ez dute arriskurik, kontrakoa baizik. Eredu hori erresilienteagoa da animaliak hetsiak diren dentsitate handiko hazkuntzaren aldean”. Bestetik, 2024an laborariek aspaldi eskatutako esperimentazio bati ekingo diote. Guztira 130 hegazti eta txerri etxalde aukeratu dituzte horretarako (Euskal Herriko 8): “Kanpoan hazteak eritasunari aurre egiten laguntzen duela frogatzea espero da. Esperimentazio hau egiazko esperantza bat da aire zabaleko hazleentzat, egunen batean beren etxaldeei egokituriko biosegurtasun tresna paleta bat lortzeko”. Sindikatuak espero du azterketa hori kontuan hartua izatea geroago egiten diren kontroletan.