Inguruko baserritarrei beren jarduna eteteko eskatu zietenean
- Se han cumplido tres años desde que el vertedero de Zaldibar colapsó y desaparecieron dos personas
Zaldibarko zabortegia 2019ko otsailaren 6an etorri zen behera, Ap-8aren zati handi bat ere azpian hartuta. Ez zen ordea, azpian hartu zuen gauza bakarra, izan ere, bi langile irentsi baitzituen: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Sololuzeren gorpua topatu zuten arren, Beltranenak desagertuta jarraitzen du. Hilabeteren buruan, hondamendia bigarren mailan gelditu zen, izan ere, Covid-19ak bete zituen pantailak, belarriak, mundua.
Hondamendia gertatu ondorengo egunak, hala ere, ziurgabetasun handikoak izan ziren. Eibarko Udaletik inguruko baserritarrei bidalitako mezuek ez zuten inolako argitasunik ematen. Izan ere, zer zen “ingurua”? Kilometro batera zegoena, bitara, hamarrera? Galdera egin eta erantzunik ez.
Hala ere, agindua eman zuten: Zabortegitik bertatik bertara zeuden baserritarrak beren etxeetatik atera zituzten luizi arriskua zegoela esanez eta ez urik, ez barazkirik, ez kontsumitzeko, ez komertzializatzeko esan zitzaien. Horrez gain, ganadua larrera ere ez ateratzeko esan zuten, “eremu baten barnean”. Baina zein zen eremu hori?
Sua eta euria
Zabortegian luizia gertatu ondorengo egunetan, berriz, sua agertu zen. Leihorik ez irekitzeko agindua ere zabaldu zuten inguruko herrietan. Baina erretzen ari ziren gai horiek guztiak, dioxina eta furano horiek guztiak, noraino iritsi ziren? Ardura handia sortu zuen euria hasteak ere. Kezka baitzegoen dioxina eta furano horiek zenbateraino xurgatuko ote zituen lurrak.
Erantzukizunak
2021eko irailean Verter Recyclingeko hiru arduradunek (Jose Ignacio Barinaga enpresaren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria ingeniari nagusia), Beltran eta Sololuzeren familiak eta fiskaltzak akordio bat itxi zuten lan istripuarekin lotuta zegoen auzia bukatzeko. Familia indemnizatzea eta kondena bikoitza onartu zuten: urtebeteko kartzela zigorra laneko segurtasunaren kontrako delitu batengatik eta sei hilabeteko bi zigor zuhurtziagabekeriazko homizidioarengatik. Oraindik bukatu gabe dago, ordea, Ingurumenaren aurkako delituagatik hasi zen auzia. Instrukzioak dokumentazio asko pilatu du, baina epaiketara iristeko oraindik ere denbora dezente beharko da.
Deklaratzera pertsona ugari dago deituta, eskatutako hainbat txosten egiten ari diren arren, oraindik ere bukatu gabe daude... Motel doa, azkar gertatu zen hondamendia izan zen arren.