1976tik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren balioak defendatzen
Vitoria-Gasteiz
www.uaga.eus
Tolosa
Iruñea
Azpeitia
Tutera
Elizondo
Lizarra
Nekazal politika
Berriak EHNE
AZKENAK NEKAZAL POLITIKA

Gaur berriz ere kaleak hartu ditugu baserritarrok gure haserre eta ezinegona azaltzeko. Urte gehiegi daramatzagu gelditu gabeko gainbeheran, lehenengoa izan arren errekonozimendu hori ematen ez zaion sektore batean lanean. Poliki poliki, pausoz pauso, sare administratiboa, lan burokratiko eta legezko betebeharrak ugaritzen dizkiguna ehunduz joan da, geroz eta katramilatuagoa, geroz eta gainkostu, geroz eta lan gehiago sortzen diguna.

Lehenengo sektoreak elikagai eta lehengai ekoizle izatetik haratago, lurraldearen gehiengoa kudeatzen dugu, baina ez zaigu proportzio berdinean errekonozitzen lan hori, ez babesten gure jarduna, ez lantzen ditugun lurrak edo zaintzen ditugun animaliak. Euskal Herrian, eta Gipuzkoan ere, hau ez da salbuespena, eguneroko ogia baizik.

Europa osoan zehar burutuz joan diren protestetako aldarri askorekin bat egiten dugu, baina aurreko asteetan esaten aritu garen moduan, Nekazaritza Politika Bateratuak, edo Europako salerosketa libreko hitzarmenek dakartzaten arazoetatik harago ere joan beharra dago, gure herritik, gure lurraldetik, baserritarren egunerokoa hobetzeko neurriak martxan jar ditzakegu, eta hori da sakondu behar duguna. Horregatik, behin eta berriz, diskurtso propio bat eta egutegi propio baten beharra mahai gaineratu dugu, Otsailaren 6ko estatu mailako mobilizazioetatik ere tartea utziz, euskal baserritarron egunerokoarekin eta beharrekin zer ikusirik ez duten gauza gehiegi nahastu dira eta estatuko mobilizazio horien artean.

Gaur, Gipuzkoako EHNE, ENBA eta GEBE, Baso Elkarteak, lurraldeko elkarte, baserritar kooperatiba eta kolektibo zabalaren babesarekin antolatu dugun mobilizazio hau horregatik amaituko dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan, hauek dutelako herritarrok ordezkatzeko betebeharra. Batzuk, agintean daude eta besteak oposizioan, bai Gipuzkoako udaletxeetan, Gipuzkoako Foru Aldundian, Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean edo Eusko Jaurlaritzan, eta honenbestez, denen ardura da, agintean zein oposizioan egon, lehen sektorearen jarduera sustatzea eta erraztea.

Arestian genion, Batzar Nagusietan gaude ordezkatuak gipuzkoar guztiak eta ez genuke amaitu nahi gaurko ekitaldia, Gipuzkoako herritarrengana jo gabe eta, lehen sektoreak bizi duen egoeraren aurrean, euren elkartasuna eta babesa aldarrikatzeaz gain, beren konpromiso aktiboa eskatzen diegu, egunerokoan, gure lurraldean ekoizten diren elikagai eta lehengaien alde egin dezaten.

Osatu dugun Manifestuan hamaika elkarteren atxikimenduaz gain, beren ekarpenak ere jaso ditugu eta hauek helarazi nahi dizkiegu Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiei. Zortzi orriko Manifestua da, baserritarrei helarazi diegu, baita prentsari ere eta hemen proposamen guztiak ezin ditugu irakurri, baina hona zertzelada batzuk.

  • Agintari politikoak eta langile publikoak elkarlanerako bidelagun behar ditugu, egurenoko arazoak konpontzeko aktibo eta ez hauen sortzaile.
  • Foru Aldundia, EUDEL eta Eusko Jaurlaritzarekin gobernantza sistema iraunkor eta eraginkorra onartu behar da nekazaritza eta basogintzako ordezkariekin.
  • Prozedimenduak arintzeko eta gutxitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta sektoreko ordezkarien arteko lan taldea osatu 2 hilabeteko epean.
  • Hainbat azpisektoreetan, eman ohi diren auditoria, kontrol eta tramite errepikatuak gutxitzeko eta bateratzeko lan taldea osatu erakunde eta sektorearen ordezkarien artean.
  • 2023-2027 eperako PACean onartutako kondizionalitatean txertatutako BCAM 10, ximaurrak eta mindak arautzen dituena, ezabatu, eta minden aplikazioa bai kainoi edo mangeraz bermatzeko lan egitea, lurralde menditsuaren eta belardi ugarien izaera errekonozituz.
  • Lursail, mendi eta basoek, aisialdia eta kirola lehenesten duen jendartearen aldetik jasotzen duen trataera ikusita, behar beharrezkotzat jotzen dugu, orain urte gutxi egin zen zirriborroa, Landa Jabetzaren estatutua berreskuratu, eguneratu eta tramitatu.
  • Banda marroia sekulako hondamendia suposatu du Gipuzkoako basoan. Erakunde arteko elkarlanaz entzun dugu baina, tamalez, beren emaitzak ez dira Gipuzkoako lurraldera iritsi. Honen haritik hondamendi naturalen ondoriozko kalteen konpontzeko laguntza berriro martxan jartzea eskatzen dugu atzeraeraginezko izaerarekin.
  • Beren ekoizpena eraldatzen duten baserrietako obradore eta instalakuntzetako baldintzak malgutu, Europako beste hainbat herrialdeetan gerta ohi denarekin parekatuz.
  • Krisi egoerei aurre egiteko prozedurak. Eguneroko arazoez gain, GHE edo banda marroia bezalako larrialdiak gertatzen direnerako, beharrezko diren prozedurak eta funtsak aurreikusi behar dira, beharrezkoa den instituzio denen parte hartzerekin, bai udalak, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bi gaitz hauen kasuan konkretuki, krisi hori ez da bukatu.
  • Herri mendietan, abeltzaintza mantendu eta indartzeko ezinbestekoak diren azpiegiturak eta garbiketak gauzatzeko konpromiso eta aurrekontua, bai Foru Aldundi eta toki administrazioei, udalak edo bereziki, Enirio-Aralar mankomunitateari.
  • Energia berriztagarriak kokatzerakoan, PTS agroforestalak dioen arabera, balio handiko lurretan EZ kokatzea, halaber, debeku hau, malda arineko lur makinagarrietan ere ezartzea.
  • Uraren kanona ezabatu baserrietan, bereziki, ur hornidura publikoa bermatua ez duten baserrien kasuetan.
  • Gaur egun, behin behinekotasun izaerarekin onartutako IRPFren forfaita, betiko egonkortzeko legedia sustatu.
  • Lehen sektoreak gizarte osoari eskaintzen dien zerbitzu ekosistemikoak kapitalizatzeko araudi fiskala sustatzea.
  • Basogintza foru eskumena denez, GFAri eskatzen diogu defenda dezala bere eskumena, basogintza alorrean berezko ez diren eskumenetan sartzen diren udaletxeen jokabide aurrean.
  • Basurdeen eta orkatzen gainpopulazioari aurre egiteko Ehizaren paperaren aitortza eta honenbestez, ezinbestekoak diren baliabideak ipini ehiza kudeatzen duen Federazioaren eskutan eta kalteordainen taula eguneratu.
  • Egungo BEHATOKI txostenen maiztasuna gehitu, etan norberaren eskulanaren kalkulua egokitu, UTAren balioa MAPAren erreferentzizko errenta erabiliaz eta, ekoizpen ataletik haratago, industria eraldatzaile eta distribuziora hedatu.

Guzti honengatik, baita Manifestuan jasotako beste hamaika arazorengatik, ozen aldarrikatu nahi dugu gaur hemen, Lehen sektorea lehenetsi behar dela!!