Gaur goizean egindako prentsaurreko batean, EHNE-Nafarroak positiboki baloratu du 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan lehen sektorera bideratutako partiden igoera, bataz beste % 10 ingurukoa.
Hala, Fermin Gorraiz sindikatuko presidenteak azpimarratu duenez, "Gazteak sektorean hasi ahal izateko partida, – 3,1 milioikoa – eta ustiategietarako hobekuntza-planei buruzko – 10 milioiko partida, – biak ere oinarrizko partidak, mantendu egin dira eta eremu kaltetutako profesionalei zuzendutako laguntza berriz 5 milloitik 8ra igo da.”
Aurrekontuetan egindako ahalegina hortxe badago ere, Gorraizek adierazi du EHNE-Nafarroak hiru zuzenketa aurkeztu dituela, "Premiazkotzat jotzen ditugun gaiak konpontzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuan bi partida berri eta beste baten igoera planteatu ditugu, premia larriei erantzuteko".
Zuzenketa batek abeltzaintzarako 3,5 milioiko laguntza sortzea eskatzen du, "Pentsuaren prezioaren igoerak ustiategi guztiei eragin baitie", argudiatu du Patxiku Irisarri EHNE-Nafarroako idazkari nagusiak.
Laguntza hau buru edo plaza bakoitzeko banatuko litzateke, «Baina betiere ustiategiko titular bakoitzeko laguntza kopurua mugatuz — zehaztu du Irisarrik —, guztizko zenbatekoak ere mugatuak izan daitezen». Ildo horretan, arrazoitu duenez, «Ustiategi handienak hobeki babesten ahal dute bere burua eta, beraz, laguntzak ez du zertan azienda kopuruaren ariorako izan».
Eskatu dugun bigarren partida berria «fauna basatia kontrolatzeko» erabiliko litzateke, Irisarrik zehaztu duenez. «Aurreko urteetan ere egin izan dugu eskari hori, eta oso beharrezkotzat jotzen dugu, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan gero eta eragin handiagoa sortzen duelako».
Zehazki, 150.000 euroko partida izango litzateke, «Basurdeen, orkatzen, oreinen eta untxien populazioak nabarmen gora egin eta nekazaritzan kalte handiak eragiten dituztelako eta abeltzaintzan gaixotasunak ekar ditzaketelako argudiatuz».
Diru hori ehiztari profesionalak kontratatzeko erabiliko litzateke, eta hauen profila definitu egin beharko litzateke, " hauen jarduerak fauna basatiaren populazioa nekazarientzat eta abeltzainentzat onargarriagoak diren mailetaraino murriztea ahalbidetuko bailuke", defendatu du Irisarrik.
Azkenik, EHNE-Nafarroak Abeltzaintzako Toki Azpiegituretako Inbertsioei dagokien partida handitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, egungo 1,14 milioitik 1,5 milioira handituko litzatekeena, hau da, 350.000 euro baino gehixeago.
Gorraizek handitze hori justifikatu du, izan ere, "Azken urteetan partida hau ehuneko ehunean erabili izan da, pistak, uraskak eta itxiturak behar direlako, besteak beste, larreetara iritxi eta larreen erabilera errazteko".
EHNE-Nafarroako presidenteak gogorarazi du Europako Itun Berdeak eta Baserritik Mahaira estrategiak, nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorragoa bultzatu nahi duela, eta horrek berekin dakarrela «azienda estentsiboari herrietako larre horien erabilera sustatu eta erraztea, eta horretarako azpiegitura onak behar dira».